Ainara Kaltzakorta eta Bego Zuza: “MUNSTROARI JATEN EMATEN EZ BADIOZU, EZ DAGO MUNSTRORIK”

Zubietako erraustegiaren kontrako jardunak lotzen ditu Ainara Kaltzakorta ondarroarra eta Bego Zuza hernaniarra. Biek ala biek uste dute erraustegia eraikitzeko beharrik ez dagoela, baina nork beretik egiten dio kontra: Ainara Gipuzkoa Zutiken dabil, eta Bego, berriz, Hernani Zero Zaborren. Borroka bereko bi profil bildu ditugu beren ekina azal diezaguten.

Nola sortu ziren Hernani Zero Zabor eta Gipuzkoa Zutik?

Bego Zuza: Lehenengo, ongarri-talde bat sortu genuen, 2007an, konposta egiten hasteko. Esperientzia batzuk ezagutu genituen eta herriko hainbat eragile eta lagunek hartu zuten parte. Hura sortu eta berehala, udalak foro bat sortu zuen. Orduan, atez ate sistema martxan jarri zuten Usurbilen, eta pixkanaka hasi ginen ikusten bazirela beste bide batzuk hondakinak tratatzeko, irtenbide egokiagoak. Zero Waste delakoaren berri eduki genuen eta guk Zero Zabor taldea asmatu genuen; Hernanikoa da lehenengoa.

Ainara: Erraustegiaren Kontrako Mugimenduak giza kate bat egiteko deialdia egin zuen iazko maiatzeko azken asteburuan. Horren ostean, Gipuzkoa Plazan agertzeko deialdia egin zen, eta hortxe kanpaldi mugagabea abiaraztea erabaki genuen. Gure helburua zen erraustegia sinbolotzat hartzea eta sinbolo horrek barnean dauzkan zapalkuntzak lantzea, esaterako,  herritarren hitza kontuan ez hartzea eta diru publikoa makroproiektuen bitartez enpresei bideratzea.

Zergatik zaudete erraustegiaren kontra?

Bego: Guk garbi daukagu azpiegitura erraldoi hori ez dela batere beharrezkoa.  Hernanin eta Donostialdean, dagoeneko bagaude nahikoa azpiegitura erraldoiz inguratuta, paper-fabrikez eta industria kimikoez, kasu. Badakigu ez dela beharrezkoa; Hernanin, denbora asko daramagu erakusten erraustegi batek ez daukala zentzurik, eta alderdi ugaritik ikusita, gainera: osasuna, ingurumena, ekonomia… ez dauka aldeko inolako ikuspegirik.

Ainara: Erraustegia bera ez ezik, berau sostengatzen duen errealitate ekonomiko eta politikoa ere kritikatzen dugu. Gizarte-eredua dugu jomuga. Hala ere, eta azken hori beharrezkoa bada ere, mugimendu honen helburu zehatza erraustegia geldiaraztea da. Hau da, sistemaren irakurketa orokor eta kritikoa guztiz beharrezkoa izan arren, gure borroka ezin da itsaso handi horretan ito. Nire ustez, bidea hauxe da: erraustegi-proiektua sortzea eta bideratzea ahalbidetzen duen testuinguru politiko eta ekonomikoaz jabetuta, horri kritika egitea, bestelako aukerak bilatzea eta helburu zehatzak finkatzea.

Argazkia: Lukas Barandiaran San Roman.

Zeren bitartez geldiaraz daiteke erraustegia?

Bego: Pertsona eta herri bakoitzak arduratu behar dute beren hondakinez, prozesua etxean bertan hasten da. Usurbilek atez atekoa abiatu zuenean, herri txikia zela esan genuen, 6.000 biztanlekoa, baina zabaltzen hasi zen. Hernani 20.000 mila biztanleko herria da, baina ezinezkoak posible bihurtzen hasi ziren. Egun, Hernanin, pertsona batzuek uko egiten segitu arren, 50 kilo errefus sortzen ditu biztanle bakoitzak. Gauzak ondo egingo bagenitu, azkar asko murriztuko genuke 30 kilora. Datu horiek eta Gipuzkoako biztanle guztiak kontuan hartuta, 35 mila tonaz ari gara hizketan. Erraustegia 200 mila tona hartzeko modukoa eraiki nahi dute. Munstroari jaten ematen ez badiozu, ez dago munstrorik. Atez atekoarekin ikusi zuten ez zegoela zer erre. Beraz, sekulako kanpaina abiarazi zuten sistema horren kontra, beren artilleria astun guztia baliatuta: Diario Vasco, telebistak, sinadura-bilketak, iritzi publikoan eragiteko mekanismoak… Zer logika du horrek? Zeri erantzuten dio, ez baldin bada erraustegi bat elikatzeko nahiari? Azpiegitura erraldoi bat zuten adostuta, eta ezin zioten egiteari utzi, lotuta zeuden. Kalera atera behar gara, protesta egin behar dugu, baina protesta hori bideratu egin behar dugu, biztanle bakoitzak 35 kilo errefus sor ditzan. Jendeak esango du errefus horrekin ere zerbait egin behar dugula. Horixe egin behar dela, baina mila formula daude errausketa baino hobeak. Dirua erraustegian xahutu beharrean, inbertitu ikertzaileen jardunean, aukera osasungarriagoak topa ditzaten.

Ainara: Bai, bat nator sortzen dugun errefusa murriztu egin behar dugula. Jabetu behar dugu zaborra ez dela desagertzen gure ondotik kendu bezain laster. Zaborrak hortxe jarraitzen du. Bestetik, jakin badakigu herri-mugimenduak baduela makroproiektu bat geldiarazteko adina indar. Erraustegiaren aurkako mugimenduan, pertsona asko gaude, eta mugimendu honek argi du zein diren erraustegiaren proiektuaren testuingurua, interesak eta kalteak. Herri-boterea erabili behar dugu kontrabotere moduan.

Zergatik nahi dute eraiki erraustegia EAJk eta PSEk?

Bego: Negozioa delako. Hor dirua dagoelako. Halakoak dira politika neoliberalak: dirua enpresariei eman eta politika berdeetan pentsatu ez. Atez atekoak jende asko mobilizatzen du, kalitatezko lanpostu ugari sortzen ditu. Erraustegiak sortuko dituen lanpostuek baldintza kaskarrak izango dituzte, prekarioak izango dira, eta, gainera, kutsagarriak. Diru publikoarekin obra pribatu bat egingo dute, eta ez edozein, baizik eta erraustegi bat. Jakina, etekin guztiak enpresa pribaturako izango dira.

Zein alternatiba proposatzen duzue erraustegiaren ordez?

Bego: Aukera asko daude, erosoak, osasungarriak, merkeak… Atez atekoa bera irtenbide ona da; aurka egin diotenean, buelta eman diete haren balio on guztiei, baina erraza eta erosoa da. Dena den, jakin izan dute horri buelta ematen, oso abilak izan dira. Ez genuen uste hainbesteko indarra jarriko zutenik horretan. Haien argumentu guztiek ez zuten inongo oinarririk, baina lortu zuten beren mezua zabaltzea.

Alternatiba egokiena hori da. Ni saiatzen naiz prestigioa ematen. Bilketa onena da kopuru txikitan egiten dena, oso erraza baita kudeatzen. Bildutako organiko horrekin konposta egiten da, eta ondoren jendeak konpost hori bere beharretarako hartzen du. Horrela, sortutako hondakinen % 40 kolpe batez desagerrarazi ditugu.

Baduzue bestelako helbururik?

Bego: Gure berezko lana ez da erraustegia geldiaraztea, baizik eta Hernanin zero hondakin sortzea. Hau da, hondakinak ahalik eta gehien murriztea, eta ahalik eta lan gutxien sortzea hauen kudeaketa. Horixe da gure eginkizuna, gusturen egiten duguna: Hernanin eragitea. Erraustegia tartean sartu zaigu. Izan ere, eredu biek talka egiten dute, ezin dira batera izan.

Zein jarduera egiten dituzue?

Bego: Azken hamar urte hauetan, hitzaldi mordoa antolatu izan dugu. 2008an, nazioarteko jardunaldi batzuk antolatu genituen. Bidean, asko ikasi dugu, bai eta gure burua prestatu ere. Talde finkoa dugu, eta sinetsita gaude ia erabat desagerraraz ditzakegula sortzen ditugun hondakinak.

Ainara: Hitzaldi eta tailer ugari egin genituen kanpamentuak iraun zuen bitartean. Eskualdean eta herrietan ere, erraustegiaren aurkako bestelako taldeak sortu ziren. Une jakin batean, hura amaitu egin zen, eta gaia beste modu batean jorratzea erabaki genuen. Gaur egun, Gipuzkoa Zutikek aktibatuta jarraitzen du, eta egiten dituen ekintzen bidez kalean iraunarazi nahi du erraustegiaren gaia.

Egin al duzue jarduerarik elkarrekin?

Bego: Gipuzkoa Zutik antolatu zen egunean, bertan izan ginen, eta Hernaniko jendeak hitzaldiak eman zituen. Ahal izan dugun moduan eman diogu sostengua, oso presente egon gara. Erraustegiaren kontrako mugimenduan beti izan dugu Gipuzkoa Zutiken laguntza.

Nola ikusten duzue batak bestearen jarduera?

Ainara: Nik uste osagarriak direla bi lanak. Guk egiten ditugun gauzen jomuga, oro har, erraustegia eta sinbolizatzen duena dira.  Zero Zaborren, berriz, alternatibak eraikitzen dituzte.

Bego: Urteak lanean eman ditugunontzat oso garrantzitsua izan da Gipuzkoa Zutiken moduko gazte mugimendu bat sortzea. Oso pozgarria izan da gazte horiek guztiak ikustea. Askotan galdetu izan diogu gure buruari gazteak non dauden. Borroka hedatu egin dela ikusi dugu. Ez da soilik erraustegia, Ainarak oso ongi dioen bezala, sinbolo bat da: zein gizarte-eredu nahi dugun. Gipuzkoa Zutikek oso ondo asmatu zuen, %1a eta %99aren kontra. Bere jarduerak hausnarketa ugari sorrarazi dizkigu. Guk ez dugu zer erakutsi, nork bere ezaugarrien arabera egiten du lan. Baliteke guk, adinagatik, harreman-sare asko eta eskarmentu handia metatu izana, baina Gipuzkoa Zutikek freskura handia ekarri digu.

Eduki duzue erreferentetzat bestelako mugimendurik?

Ainara: Eredu asko daude. Gipuzkoa Zutik sortu zen mementoan, NouitDebout indarrean zegoen, eta hura izan genuen eredu formatu-aldetik. Bestalde, azpiegitura handien kontrako mugimendu mordoa egon izan da Euskal Herriko historian: nuklearren, frackingaren, AHTren kontrakoak… edo oraintxe berriz hasi duten Tosuko kanpamentua.

Bego: Lehentxeago aipatu dut Zero Waste mugimendua: Italian, Florentzian zehazki, lortu zuten erraustegi baten eraikuntza geldiaraztea; atez atekoaren bitartez, gainera.

Zuen ustez, azkenean eraikiko dute erraustegia?

Ainara: Oraindik ez dakigu; oraingoz ez dute eraiki, eta horretarako borrokan gabiltza. Eraikitzen badute, ez dut uste gure borroka hortxe amaituko denik.

Bego: Batzuetan, argi ikusten dut ez dutela egingo, baina, beste batzuetan, buruak beste gauza bat esaten dit. Maiatzean, bi urte beteko dira hauteskundeak irabazi zituztela, eta orduan esaten zuten berehala hasiko zirela erraustegia eraikitzen, baina gaia bi urte atzeratu da dagoeneko. Orain, FCCk errekurtsoa jarri dio obren esleipenari. Proiektua alde ugaritik pitzatzen ari zaie. Azkenean egiten badute, beste Lemoiz bat izango dugu hor: 35 urtez, sekulako dirutza ordaindu beharko dugu gipuzkoarrok. Ez dakit jendea ohartzen den datorrenaz, zer-nolako galera dakarren. Pentsa, erraustegia eraikiz gero, Gipuzkoa osoa 35 urtez hipotekatuko du. Ekarriko dituen murrizketak eskandalagarriak izango dira, eta horri erantzun egin behar zaio. Hau ez da amaitu, oraindik bide luzea du egiteko.


Lukas Barandiaran San Roman Argia eta Berriako kolaboratzailea da.


#00 Herriak – Ekaina 2017 aldizkarian argitaratutako elkarrizketa.


Print Friendly, PDF & Email

One thought on “Ainara Kaltzakorta eta Bego Zuza: “MUNSTROARI JATEN EMATEN EZ BADIOZU, EZ DAGO MUNSTRORIK””

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude