Zatozte Israelera

Israelgo lehen ministroak ez zuen denbora alferrik galdu Frantzian egon zenean frantziar juduei dei egiteko. “Zatozte Israelera” esan zien Benjamin Netanyahuk Charlie Hebdoren eta 'kosher' produktuak saltzen zituen supermerkatu baten kontrako atentatuen ostean.
Mohammad Sabaaneh.
Mohammad Sabaaneh.

Hilabete eskas geroago, Kopenhagen antzeko krimen bat gertatu zen, eta Netanyahuk mezu bera igorri zuen orduan ere: “Europa ez da toki segurua juduentzat, zatozte Israelera”. Israel Frantzia edo Danimarka baino seguruagoa dela esatea nahiko xelebrea da. Dena den, Netanyahuren mezuak ez du zerikusirik europar juduen segurtasunarekin, Israelgo estatuak bere irudia eta ideologia sendotzeko duen beharrarekin baizik.

Uri Avneri kazetari israeldarrak zentzuzko zutabe bat idazten du Gush Shalomen argitalpen digitalean. Horretan hau idatzi zuen behin: “Zergatik errepikatzen du horren sutsuki Israelgo propaganda makineriak Europan antisemitismo olde latza gertatzen ari dela? Europar juduak Israelera etortzeko konbentzitzeko. Sionista batentzat, Israelera datorren judu bakoitza garaipen ideologiko bat da”.

Antisemitismo hitza Alemanian asmatu zen XIX. mende amaieran. Gaur egun, anakronikoa izan daiteke hau juduei dagokienean bakarrik erabiltzea eta ez arabiarrei edo semitei orokorrean dagokienean. Hain zuzen, honen erabilera eta emoziozko konnotazioa mugimendu sionistaren komunikazio-estrategiaren parte izan da 1880. urtez geroztik eta Israelgo estatuak ere estrategia bera erabili ohi du.

Sionismoak beti behar izan du antisemitismoa bere burua justifikatzeko. Era berean, beti jo du bere burua mundu osoko juduen ordezkaritzat. “AEBko kongresuari mintzatuko natzaio, ez Israelgo lehen ministro gisa, baizik eta herri juduaren izenean” esan zuen Netanyahuk Washingtonera egin zuen azken bidaiaren aurretik. Egun horretan berean, J. Street judu estatubatuarrak hau erantzun zion Internet bidez: “Ez Netanyahu jauna, zuk ezin duzu nire izenean hitz egin, zuk ez duzu AEBko juduen izenean hitz egiteko zilegitasunik”. Baina, ba ote du garrantzirik zilegitasunak propaganda kanpaina eraginkorra egiteari dagokionean?

Israelgo lehen ministroak Europak bere hedapen politikari ematen dion sostengua indartu behar du, izan ere, sostengu hau tradiziozkoa den arren ez da behar bezain itsua, baldintzarik gabekoa. Pariseko eta Kopenhageko atentatuek hau egiteko eta Palestinako espoliazioa ezkutatzeko aukera eman diote. Atentatuek, besteak beste, Israelgo armadak Gazan egindako krimenak, koloniak hedatzeko politika, palestinar lurraldean ezarritako apartheida eta okupazioaren eguneroko zakarkeria bigarren edo hirugarren plano batera pasatzea ahalbidetzen dute, baita justifikatzea ere, “europar antisemitismoa”ren arriskuaren aitzakian. Izan ere, europar herritar juduak antisemitismoaren biktimak direlarik, Israelen bakarrik omen leudeke salbu.

Argi dago Europak, demokrazia eta giza-eskubideen baloreez gain, arrazakeriaren hazia duela bere baitan. Nahikoa da alderdi xenofoboen gorakada ikustea mehatxu horrek bizirik jarraitzen duela ulertzeko. Jakina Europan arrazakeria dagoela baina hau, gehienbat, europar musulmanen kontrakoa da.

Frantzia eta Danimarkako atentatuen egileak ez zeuden “europar antisemitismo” zaharraren eraginpean. Hauek europar gizarteetan jaiotako eta hazitako musulmanak dira, baina ez dira hauek parte guztiz sentitzen. Deserrotzeak eta fanatismo erlijioso berri honek hiltzaile hauek Mendebaldearen kontra duten gorrotoa piztu dute. Benjamin Netanyahuk harro erakusten du juduen, Israelen eta Mendebaldearen arteko lotura baina, zoritxarrez, sionistak ez dira juduak, Israel eta Mendebaldea lotzen dituzten bakarrak; Pariseko eta Kopenhageko atentatuak egin zituzten kriminalek ere lotura bera egiten dute.


Teresa Aranguren kazetaria eta Palestina: El hilo de la memoria eta Olivo roto: Escenas de la ocupación liburuen egilea da. RTVEko Administrazio Batzordeko kidea ere bada.

 nº65 de Pueblos – Revista de Información y Debate, segundo trimestre de 2015.


Print Friendly, PDF & Email

One thought on “Zatozte Israelera”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude