
Ingelesetik itzulpena Clara Lujak egin du Pueblos aldizkarirako.
Nola eta zergatik sortu zen ALQAWS?
Horren inguruan istorio asko dago baina hau da niri gehien gustatzen zaidana: ALQAWS Palestina osoan bizi diren queer pertsonen ahalegin kolektiboa da LGTTBIQ gaia eta agenda sexuala gizarteratzeko. ALQAWSetik eztabaida irekia sortu nahi dugu sexualitatea eta sexu eta genero zapalkuntzaren inguruan; izan ere, gu horren konplizeak gara, zapaldu edo zapaltzaile gisa.
Hala, egunerokoan, ALQAWS palestinar queer pertsonentzako harreman espazioa da. Espazio horretan sexu eta genero esperientziak politizatzen saiatzen gara pertsona horiek aukera berriak izan ditzaten eta beren bizitza nahi duten modura bizi dezaten. Okupatutako eta kolonizatutako herria izanik, sexu eta genero jokaera eta identitate desberdinak adierazteko modua topatu nahi dugu, norbera Palestinako okupazioaren eta bere politikaren testuinguru zabalago eta orokorrago horrekin konektatu ahal izateko.
Zer ekintza egiten duzue ALQAWSen?
Lehenik eta behin, nabarmendu nahi dut guk ikuspegi antikolonial batetik lan egiten dugula. Gure ustez, Palestinako LGTTBIQ erakundeak ez dira hiri espezifikoetan garatu behar, burbuila batean bezala. Beraz, ikuspegi antikolonial horretan oinarrituta, Palestina historiko osoan lan egiten dugu (Jerusalen, Zisjordania eta 48. urteko lurraldeak). Egoera legal, hiritartasun eta mugitzeko aukera desberdinak dituzten palestinar pertsonekin lan egiten dugu eta palestinarrak banatzen gaituzten mugez gaindiko queer mugimendu nazional bat sortu nahi dugu.
Bestalde, testuinguru kolonialari dagokion diskurtsoa sortzen ari gara, hau da, nola lotu homofobia Palestinako kolonialismoari eta pertsona desberdinentzat testuinguru horretan bizitzeko aukerak sortu nahi ditugu, biktimak izateaz gain gehiago ere badirela sentituz.
Zentzu horretan, besteak beste, tokiko komunitateak sortzen ditugu pertsona horiek euren bizitzen, sexualitatearen, identitatearen eta zapalkuntzaren inguruan hitz egiteko aukera izan dezaten. Espazio horietan kultura ekitaldiak, jaiak eta tokiko lidergoak lantzeko eta aukerak sortzeko tailerrak ere egiten ditugu. ALQAWS erakundearen betekizuna ekimenak laguntzea eta queer pertsonei laguntza eta aholkua eskaintzea da. Beren oinarrizko beharrak arintzen saiatzen gara, esaterako, entzungo dien inorekin hitz egin ahal izatea. Izan ere, hori izaten da sexualitateari buruz hitz egiten duten lehengo aldia. Era berean, pertsona transexualei osasun zerbitzuak eta instituzio psikologikoak erabiltzen laguntzen diegu, bitartekaritza lana eginez, instituzio hauetan hebreera baino ez baita hitz egiten.
Zeintzuk dira zuen ardatzak?
Azken urteotan, hiru esparrutan lan egitea erabaki dugu. Lehenik, palestinar gazteekin, belaunaldi gazteei buruz hitz egiten duten artea eta produktu kulturalak sortuz. Gure proiektu nagusia 2013an egindako musikal bat izan zen; 12 artistak sexu eta genero esperientzia desberdinen inguruan hitz egiten zuen diskoa sortu zuten elkarrekin. Diskoak arrakasta handi izan zuen eta ALQAWS erreferente bilakatu zen Palestinan.
Bigarrenik, jendarte zibilarekin ere lan egiten dugu. Sexu eta genero aniztasunean trebatzen ditugu irakasleak, GKEetako langileak eta ikasle mugimenduetako kideak. Trebakuntza hauek oso garrantzitsuak dira mito eta aurreiritzi guztiei aurre egiteko eta norberaren ardura nabarmentzeko. Adibidez, emakume lesbiana batek erakunde feminista batetara deitzen badu (ez du zertan ALQAWS izan) erakunde horrek, feminista den heinean, laguntza eskatzen duen edozein emakume laguntzeko erantzukizuna du.
Azkenik, talde profesional espezifikoekin ere lan egiten dugu. Elkarrizketak izan ditugu terapeutekin eta laster kazetariekin hasiko gara. Izan ere, arlo horretan ikerketa handi bat egin genuen; azkeneko 10 urteotan palestinar hedabideak monitorizatu genituen hauek sexu eta genero aniztasunaren inguruan nola hitz egiten duten aztertzeko. Palestina osoko 20 kazetari elkarrizketatu genituen eta galdetu genien ea artikuluren bat ezagutzen zuten gai hori buruz eta ea zein zen haien argitaratze-politika horren inguruan. Emaitza hau izan zen: inork ez dio estaldurarik ematen informazio mota honi. Beraz, guk arazo horiek kudeatzeko espazioa eskaintzen dugu eta palestinar hedabideak, gai horri dagokionez, progresistagoak egiten saiatzen gara.
Esan duzunaren arabera, norbait queer pertsona bat ezagutzen duenean harritu egiten da, inoiz ez baitu hitz egin bere sexualitatearen inguruan. Hori erronka bat al da?
Bai, noski. Orain dela bost urte, trebakuntzak egiten genituenean, partehartzaileei galdetzen genien ea noiz ezagutu zuten lehenengo aldiz LGTTBIQ pertsonak, istorioak edo gaiak. Guztiek esaten ziguten inoiz ez zutela horrelakorik ezagutu. Gutxi batzuek inoiz filmen batean ikusi zutela esaten zuten. Orain, ordea, mundu guztiak du harreman zuzena horrekin: ahizparen lagunik onena, senide bat, bezero bat… Beraz, gaur horrek ez du horren inpaktu handirik sortzen; mundu guztiak daki kasu horiek izan badirela. Gure lana queer pertsonak testuinguruan jartzea da; gehienek kasu horiek ezagutzen badituzte ere ez dituztelako legitimotzat hartu nahi. Adibidez, ezagutu genuen irakasle batek zera pentsatzen zuen, gay pertsona bat babesteak homosexualitatea legitimotzat hartzea zekarrela. Hala, egun batean amore eman eta orri batean idatzi nion nola lagun zezakeen LGTTBIQ jendea homosexualitatea legitimatu gabe.
Nolabait, beldur hauei eutsi eta lantzen ditugu. Azkenean, berak kontrakoa uste badu ere, legitimatu egingo du, LGTTBIQ pertsona bati horri buruz hitz egiteko aukera emango baitio. Baina berak badaki ez duela legitimatzen. Zaila eta kontuzkoa da eta kasu horiek kudeatu behar dituzu. Irakasleekin asko hitz egiten dut, GKE eta mugimendu politikoen homofobia sofistikatuagoa delako. Homofobia gordinarekin lan egitea nahiago dut; benetakoa da, dena dago hor, jendeak oihukatu eta negar egiten du eta, neurri batean, gure inpaktua handiagoa dela uste dut.
Zeintzuk dira queer komunitatearen erronka nagusiak? Pinkwashing aipatu duzu, azaldu ahal diguzu hobeto?
Pinkwashing Israeleko gobernuak zuzendu, finantzatu eta antolatutako propaganda kanpaina bat da, Israeleko, AEBko eta lobby sionista osoko LGTTBIQ taldeen laguntzaz. Kanpaina horrek, LGTTBIQ pertsonen eskubideak erabiltzen ditu Israeleko estatuaren irudi berri bat emateko, bertan nahiko onartuta baitaude eskubide hauek. Estrategia honen bidez, nazioarteko arreta desbideratu nahi dute gerrako krimenetatik, palestinarren giza-eskubideen urraketetatik, lurren lapurretatik eta 70 urteko okupazio eta kolonizaziotik. Hala, tolerantzia gay, dibertigarri, izugarri eta progresista batean oinarritutako irudia eskaini nahi dute. Diskurtsoa ez da berria, baina orain sionismoa erakargarri bihurtzen ari dira mundu osoko gay komunitateentzat.
Horregatik, pinkwashing politikak logika koloniala erabiltzen du; hau da esaten digutena: Israelen gay pertsonek eskubideak dituzte eta Palestinan, ordea, homofoboak dira eta gayak hiltzen dituzte. Ematen du homofobia palestinar jendartean errotutako gaixotasuna dela. Jende askok hau galdetzen dit: zergatik haserrarazten dizu herrialde batek gayen eskubideak sustatzea? Baina hori ez da gaia. Hau ez dute egiten gayen eskubideak sustatzek, egiten eskubide horiek erabiliz palestinarrei gizatasuna kentzeko baizik.
Pinkwashing-aren inguruko mito nagusietako bat zera da, Israelek asiloa ematen diela palestinar gayei. Baina palestinar batek ere ezin dio asiloa eskatu Israeli lege batek hori debekatzen duelako. Baina, bat batean, pinkwashing-aren narratiban, 70 urtetan milioi ka errefuxiatu sortu dituen herri batek aterpea ematen du. Eta mundu osoko gay jendeak hori sinesten du. Narratiba horiei aurre egin behar zaie arrazistak, islamofobikoak eta kolonialak direlako.

Beraz, palestinar estatu berri baten imajinarioa sortzen laguntzen ari zarete.
Nik nazio edo estatuaren markotik kanpo lan egiten dut, estatuan oinarritutako edozein marko zapaltzailea baita queer pertsonentzat. Beti, estatuaren, poliziaren eta militarren kontra nago eta hori ALQAWSek queer bizitza ikusteko duen moduaren berezko ezaugarri bat da. Hori bai, estatu ezaren pribilegioa dugu. Estatuaren kontra gaude, kolonizatzaileen kontra, kolonizatzaileak laguntzen dituzten palestinarren kontra… Orain hau da gure egoera, guretzat garrantzitsuena queer bizitzak dira eta nola har dezakeen jendarteak horrekiko konpromisoa. Baina ez gara inozoak, badakigu botereren batek kontrola hartuko duela laster eta mehatxu zuzenagoa izango dela. Beraz, denbora tarte hau queer pertsonak prestatzeko erabiltzen dugu: aldaketa politikorik balego defentsarako tresnak izateko, aliaturik izango dugun jakiteko… Beraz, hutsune hau gure burua boteretzeko eta beren burua babesteko gai izango diren komunitate indartsuak sortzeko erabiltzen dugu. Hori da estatu ezaren ideia; zaila da.
1948. urteko lurraldeetan lan egitea Zisjordanian lan egitea baino zailagoa al da?
Testuinguru desberdinak ditugu eta estrategia eta diskurtso desberdinen bidez lan egiten dugu, baina oso zaila da. Nire ustez, Zisjordanian lan egitea 48ko lurraldeetan lan egitea baino zailagoa da. Zisjordaniako giza-eskubideen aldeko erakundeak ez dira gurekin elkartzen beren lan-esparrua Israelek egiten dituen giza-eskubideen urraketak dokumentatzea baita. Ez dakit zergatik ez duten gai horien inguruan hitz egiten, zerbait egiteko esaten badiegu ere, ez dute egingo. Horrek ez du esan nahi gai horiek euren agendan jarri behar ez dituztenik. Zisjordanian formakuntza egiten dugunean zaila izaten da, beldur eta erresistentzia handia baitago.
48ko lurraldeetako GKEekin “guztiontzako” giza-eskubideen inguruan hitz egiten dugu, funtsean. Nire ustez, hori hutsala da homofobia eta bazterkeria handia ezkutatzen duelako.
Ba al dago zure ustez benetako aktibismoaren esentzia galtzeko eta hau hutsal bihurtzeko arriskua?
Ez dugu ezer egiten inork eskatu digulako. Izan ere, zerbait egiteko eskatzen badiguzu, berez, ezetz esango dugu. Gure ekimen guztietan gure buruari galdetzen diogun funtsezko galdera ez da zeintzuk diren LGTTBIQ komunitatearen beharrak. Horiek ezagutzen ditugu. Galdera hau da: zerk grinatzen du jende hori, zer egin nahi dute? Horrela sortu genituen linea zuzena, musika-proiektua, etab. Gure langileegitura ere minimoa da. Eskola akademiko bat dugu eta jendeak ez du dirurik eman nahi hori elegante egiteko, kostu txikikoa egin nahi dugu. Jendeak ez du behar zorro eleganterik elkarrekin gai akademiko eta intelektualei buruz hitz egiteko. Horretarako mahai bat, proiektore bat eta jende ona baino ez duzu behar. Hori da dena. Eta gau pare bat lo egiteko ohe bat.
Zeintzuk dira etorkizunerako aukerak?
Ez dakit, oso pertsona errealista naiz, ez dut etorkizunean pentsatzen. Nire ustez etorkizuna hemen dago. Lagunekin eguneroko esperientzia garrantzitsuak sortzen saiatzen gara eta horrela nahi dugun gizartea sortzen dugu. Malgua naiz eta badakit aldaketak datozenean ni ere aldatuko naizela, nabarmena izaten jarraitzeko. Horrela ikusten dut nik etorkizuna. Ez dut konpromisorik hartzen, une honetan bizi naiz.
Errealista izateko, nire ustez, etorkizuna latzagoa izango da: indarkeria handiagoa, gerra gehiago, jende pobre gehiago, mugikortasun gutxiago… ez da etorkizun deigarria. Queer pertsona gehiagok jazarpena pairatuko dute, sortzen ari garen kaka jan behar izango dugu. Belaunaldi berriak nahi duen moduan jantzi nahi du eta nahi duena esan nahi du eta hori kudeatu izan beharko dugu. Beraz ez diogu jendeari esango horrela ez janzteko eta bere sexualitatea ez adierazteko, baina ikusi beharko dugu hori nola kudeatu. Beraz etorkizuna, niretzat, ona baino, bortitza izango da. Horrek ez du esan nahi dena txarra izango denik, berria den aro baten inpaktua da.
Beatriz Plaza (@BeaPlazaE) OMAL – Paz con Dignidad Latinoamerikako Multinazioanalen Behatokiko ikertzailea da.


One thought on “Haneen Maykey: feminista, lesbiana, queer eta palestinarra”