Maquila ehungintzak El Salvadorko ekonomian duen pisua ikusita, erreformaren garrantzia agerikoa da. Izan ere, herriak dituen hamalau departamentuetako seitan, hamasei eremu franko aurkitzen dira. Bertan, ehungintza, jantzigintza, elektronika eta nekazaritza industrian aritzen diren berrehundik gora enpresa[1] zenba ditzakegu.
Merkataritza librerako hitzarmenek tradiziozkoak ez ziren produktuen esportazioa sustatu zuten, hala nola ehungintza eta jantzigintza. Hain zuzen, logika horretan errotu zen maquila industriaren negozioa El Salvadoren. Azken urteotan, Amerikako Estatu Batuetara doazen txinatar produktuen kopuruaren igotzeak ondorio kaltegarriak izan ditu Erdialdeko Amerikako esportazioentzat. Alabaina, El Salvadorko ehungintza industriak kanpoaldean saltzen diren merkantzien ehuneko 45a irudikatzen du. Industria honek ekoizten duenaren ehuneko 77,80a[2] merkatu estatubatuarrera zuzenduta dago, bertako kontsumoa asko jaitsi den arren.
Maquila industriaren eragin ekonomikoa oso handia da, baita behar duen langile kopurua ere. 81.000 pertsona inguruk soldatapean egiten omen dute lan maquilan, kalkuluen arabera. Langile gehienak lanbide prestakuntza gutxiko emakumeak dira, sektoreak lan aukera urriko testuinguruan emakume salvadortarrentzako lanbidea eskaintzen du eta. Nolanahi ere, etxez etxeko bordatzaile eta josleen kasua ez da horrelakoxea: hauek ez dute lantegiarekiko lan harremanik, nahiz eta batzuek luzaro josi duten enpresa berarentzat.
ARANTZADUN ALANBREA ETA SEGURTASUN KAMERAK
Arantzadun alanbreak inguratuta eta segurtasun kamerak eta zaintzaile armatuak babestuta, eremu frankoak lurralde itxiak dira. Ezin da bertara sartu edota bertatik irten bertako enpresetako baten baimena barik. Langileen lekukotasunak soilik jakinaraz diezazkigu bertan gertatzen diren oinarrizko lan-eskubideen urraketak. Ocean Sky[3] lantegiko lan baldintzak jasotzen dituen txostenak erakusten digun bezala, ikuskatzaileek helburuak lortzeko oihu eta mehatxuak erabiltzen dituzte presio gisa. Lantegi horretan, uraren gorotz-kutsadura salatzeagatik sei emakume langile kaleratu zituzten.
Eguneroko irainak eta 187,60 dolarreko gutxieneko soldatak dira, besteren artean, maquila ehungintzaren lan ezegonkortasunaren eta langileen esplotazioaren erakusbide, baita enpresen inpunitatearen erakusbide ere. Eremu Frankoen Legeak lan eskubideak bermatzen omen ditu. Baina diru laguntzak ez zaizkio inoiz lantegi bati kendu, eskubide hauen urraketaren zigorrak hori izan behar duen arren.
Lan eskubide eta giza-eskubideen alde lan egiten duten mugimenduen aburuan, legearen erreforma zigorgabetasunaren kontra egiteko abagunea izan zen. Mugimendu horien artean dago Mujeres Tranformando (MT) erakundea.
Montserrat Arevalok, Santo Tomasen finkatutako MTren koordinatzaileak dioenez, erreforma gobernu aldaketarekin batera eman zen. Farabundo Martí Fronteak (FMLN) “aldaketarako gobernua” lelopean irabazi zituen 2009ko hauteskundeak, 20 urtez boterean egondako Aliantza Errepublikar Nazionalista (ARENA) boteretik kenduz. Testuinguru horretan, MTk emakume langileen eskaerak aurkezteko prozesua bultzatu zuen, instituzioek hauek jaso eta lege berria sor zezaten.
EMAKUME LANGILEEN TREBAKUNTZA
Simeon Cañas Ertamerikar Unibertsitateko (UCA) Ekonomia Politikoan katedraduna den Julia Evelyn Martinezen laguntzaz, maquilako langileak ekonomia arloko kontzeptuetan trebatu ziren. Horrela, maquilaren barnean duten rolen azterketa eta beraien proposamenak lantzeko tresnak eskaini nahi zitzaizkien. Helburua, “betaurreko moreak” jantzita, “politika neoliberalen logika eta hauek emakumeak nola esplotatzen dituzten” ulertzea zen. Era berean, emakumeek mundu mailako produkzioaren gaia jorratu zuten eta “haiek gutxien kobratzearen eta Iparraldean ondoen ordaindutako lanak egotearen zergatia” ulertu ahal izan zuten, hain zuzen ere.
MTko abokatuaren, Marilyn Sanchezen esanetan, kapitalismoa, patriarkatua eta produkzio kateen inguruko hausnarketa honi esker, emakumeak beraien lan baldintzak hobetzeko proposamenak sortzeko gai izan ziren. Dolarren menpean dagoen ekonomia salvadortar horretan, maquilako soldata ez da oinarrizkoa erosteko nahikoa. Hortaz, lehenbiziko proposamenak soldata igotzearen ildotik bazihoazen ere, bide batez, hauek etxez etxeko bordatzaileen erregularizazioa bilatzen zuten. Beste proposamenak lan baldintzen hobekuntzari zuzenduta zeuden, hots, jantokiak egiteari edota derrigorrezko etenaldiak ezartzeari mugimendu errepikatuei lotutako gaixotasunak ekiditeko.
Sandra Patricia Najerak (langileek Paty laburduraz izendatuta) 33 urte ditu. Horietako zortzi maquila lantegian igaro ditu. Lan arloan, bere desioa “tratu duina jasotzea” da. Patyrentzat lantegian duintasuna lortzeko bidean ezinbesteko puntua da soldataren igoera “erreala”ri dagokiona. Izan ere, beraren ustez, hilean 187,60 dolarreko soldata duenarentzat urteko bost dolarreko igoera iseka hutsa da. Emakume eta langile bezala pairatzen dituen bidegabekerien jakitun ere bada: “miseria, tratu txarra, atsedenal di eza eta lan orduen ostean etxeko lanak ere egin beharra”.
Bere hitzetan, “lankideen batasunak eta borrokak” soilik lor dezakete lantegian duten egoera hobetzea. Gainera, lortutako hobekuntzak defendatu behar izaten dituzte, jabeek enpresak itxi eta izen berri batekin berrirekitzen dituztenean.
ERREFORMA PROPOSAMENA
Langileek egindako proposamenetatik abiatuta, hauei egitura juridikoa emateko lanari ekin zion abokatu lan-talde batek. Era berean, legez kanpo jokatzea ahalbidetzen zuten hutsuneak aztertu nahi zituzten. Zenbait sindikatu eta erakunde feminista prozesu honi batu zitzaizkion, guztion artean lege hauste horiek desagerrarazi ahal izateko.
Urtebetetik gora luzatu zen prozesua eta, azkenik, pasa den urrian izan zuen amaiera, hamaika erakundek prestatutako erreforma proposamena legebiltzarrean aurkeztu zutenean. Testua, 22 artikuluk osatuta, oraingo legearen 29. artikuluari dago zuzenduta, hau da, maquilako lan eskubideen betetzeari.
Proposamenen artean langileentzako indemnizazioak ordaintzera zuzendutako funtsa sortzea eta enpresen itxi-irekietan langileen lanpostua mantentzeko bermea. Itxi-irekien praktika hau oso ohikoa da, izan ere, horri esker enpresaburuek enpresa berriei zuzendutako diru-laguntza publikoak beste hamar urtez kobratzen jarrai ditzakete.
Testuak lan baldintzak hobetzeko neurri sorta ere jasotzen du. Besteren artean haurtzaindegi eta jantokien eraketa; bada langileek lantegien kanpoaldeko espaloian jan behar izaten dute gehienetan. Halaber, haurdunaldi testa eta GIB-aren testak, lapurretak ekiditeko neurriz gaineko araketak eta, orokorrean, langileen duintasunari eraso egiten dioten ohiko praktiken kontrako neurriak ere ageri dira testuan.
Erreforma proposamena, langile kaltetuek eginda sortu den bakarra dela azpimarratzen du MTk. Aurrekari bakarra, FMLNko gobernuak eta patronalak adostutakoa izan zen. Bertan, ekonomia eta zerga-sistema alorrak bakarrik jorratzen zituzten eta nolanahi ere, langileek ezin izan zuten parte-hartu.
MTko kideek badakite, legebiltzarrak proposamena jaso izana pauso bat baino ez dela lan eskubideen aldeko borrokan. Montserrat Arevaloren hitzetan “herri honetan infl uentzia handiena botere ekonomikoaren esku dago” eta, berez, maquilaren esparruan edozein proposamen egitea “interes ekonomikoak ukitzea” da. Honengatik guztiagatik, diputatuek gehiengo sozialaren aldeko neurriak bultza ditzaten lortzeko estrategia presio politikoan datza.
MT, maquila lantegietan sortutako elkartasun sarearen baitan dago, hortaz, badakite langileen eskubideak garatzeko estrategia Erdialdeko Amerikako maquila langileen arteko elkartasun sarea garatzearen menpe dagoela. MTk azaldutako moduan, “kapitalak eskualdean zehar mugitzen direla kontutan hartuta, eskualdeko langileen arteko harremana oso garrantzitsua da”. Harreman horren adierazgarritzat, pasa den urrian Hondurasen egindako topaketa har daiteke. Hartan, Honduras eta El Salvadorko zenbait emakumek esperientziak trukatzeko aukera izan zuten.
Elkartrukatze horri esker, herri bietan nagusiek deslokalizazioaren mehatxua presio gisa erabiltzen dutela ikasi zuten langileek. Montserraten ustez, emakumeek “nagusien mehatxuei ihardesteko argudioak garatu zituzten, beraiek baitakite erbestean azkarrago josten dutela ez dela egia”.
ESKUALDE ESTRATEGIA
Erdialdeko Amerikako emakume erakundeen arteko elkartasuna funtsezkoa da emakumeen eskubideen errespetua lortzeko estrategian; izan ere, hori da kontinente osoko genero desberdintasun handienak dituen eskualdea. Ildo horretatik, Erdialdeko Amerikako Emakumeen Sareak (Redcam), Maquilaren Elkartasun Sareak (RSM) eta Erdialdeko Amerikako Emakumeen Funtsak (FCAM) eztabaida eta esperientzien elkartrukatze prozesua abiatu zuten. Helburua, maquila langileen agendaren eraketa kolektiboan aurrera egitea.
Prozesua gai horren inguruko tailerren deialdiarekin abiatu zen. Horietan, herri ezberdinetako langileek lantegietako problema nagusiak identifikatu eta konponbideak bilatu zizkieten. Soldata baxuak, segurtasun eta osasun arauak haustea eta tratu txarra ohikoak dira langileen kontaketetan. Dena dela, langileen arteko elkarrizketak duintasunari erasotzen dioten beste ohiko hainbat egoera utzi zituen agerian.
Kasu kezkagarrienetariko bat, langileen esanetan, helburu “gehiegizko eta engainagarri”en inposaketarena da, arrisku handia baitakarkio langileen osasunari. Nagusiek, bonu estra kobratzeko baldintzatzat jartzen dituzte jomuga horiek, gehienetan ordea, langileak bonua eskuratzeko gutxira geratu ohi dira. Halaber, nagusiek, lanari eragiteko, lan-talde bateko kideei helburuak lortu eta bonua kobratu dezaketela sinetsarazten diete. Lankideetako batek helburua ez lortzekotan, enpresak besteei jakinarazten die langilearen mahaian bandera txiki gorri bat kokatuz. Langileak, beraz, bonua lankidearen erruz galdu izanaz ohartzen dira, haiek helburuak burutu dituzten arren.
Tailer ezberdinetan batutako informazioa pasa den azaroan Managuan ospatutako topaketan bateratu zen. Bertan, lan eskubideen defentsan diharduten erakundeak elkartu ziren hurrengo urteetan garatu beharreko estrategia eta agenda zehazteko borondatez. Honduras, Guatemala, El Salvador eta Nikaraguako mugimenduek lan osasun eta sexu eskubideen esparruan langileek pairatzen dituzten indarkeria egoerak deskribatu zituzten. Guatemalaren kasuan, hain zuzen ere, Emakumeen Elkartasunerako Elkarteak (AMES) emakume haurdunen dimisioa lortzeko sexu-eraso, presio eta zirikatze kasuak salatu zituzten eta bai emakume homosexualen kontrako diskriminazioa ere. Azken hauei lan gogorrenak ematen zaizkie.
Erakunde hondurastarrek, beren aldetik, emakumeak estatu-kolpearen ostean jasaten ari diren lan eskubideen atzerakada salatu zuten; hau da larrialdietako pilularen debekuaren kasua. Emakume Hondurastarren Kolektiboak (CODEMUH) aurkeztutako ikerketa berri baten emaitzen arabera lanak eragindako muskulu-hezur arazoak eta desoreka psikikoak maquila ehungintzaren lan baldintzei lotuta daude.
Honduras, Guatemala, Nikaragua eta El Salvadorko erakundeen arteko elkarrizketak berrogei proposamen sorrarazi zituen, hiru esparruren inguruan antolatuta: lan eskubideak, sexu eskubideak eta ekonomia feminista. Datorren martxoan eskualdeko agenda eta estrategia pauso bat harago eramango dira; milatik gora langilek ekinbideak aurkeztu, eztabaidatu eta onartuko baitituzte Nikaraguan. Langileen babesaren alde urte luzez aritutako erakundeek badakite beraien eskaeren aurrean lekualdatze mehatxuak baino ez dituztela lortzen. Nolanahi ere, badago haien arteko adostasuna lortu duena: gerta ala gerta defendatuko dute maquilako enplegua, betiere duintasuna errespetatuz.
Mª Cruz Tornay komunikatzaile aditua da genero alorrean eta Mujeres Transformando (El Salvador) erakundeko kazetaria, cruztornay@gmail.com.
Itzulpena Iñigo Gallastegik egin du.
Artikulu hau “Emakumeak eta lana” (55 zenbakia – Lehen hiruhilekoa – 2013) dosierrean argitaratu da.
Nº 55 de Pueblos – Revista de Información y Debate, Primer trimestre de 2013.
Publicado tambien en castellano: «El Salvador: Una oportunidad para dignificar las condiciones de las obreras de la maquila».
NOTAK:
- El Salvadorko Cámara de la Industria Textil, Confección y Zonas Francas (CAMTEX) ganbaratik lortutako datuak.
- Ídem.
- Hurrengo txostenetik hartuta: «A las trabajadoras les pagan sólo ocho centavos por cada camiseta de NFL de $25 que cosen para Ocean Sky en El Salvador»; Instituto para los Derechos Laborales y Humanos; Mujeres Transformando; 2011.
- Hurrengo txostenetik hartuta: Condiciones de trabajo y prevalencia de trastornos músculo esqueléticos y psíquicos en la población trabajadora de la maquila de la confección, departamento de Cortés, Honduras; Colectiva de Mujeres Hondureñas (CODEMUH) eta Mexikoko Universidad Autónoma Metropolitana de Xochimilco.



