Manchesterretik Bangladeshera. Mundu mailako modaren trapu zikinak

1857ko martxoaren 8an ehungintzako zenbait emakume langilek New Yorkeko auzo aberatsenetatik ibiltzen ziren. Beraien lan baldintzen kontra protestatzen ari ziren. 1908ko martxoaren 8an, 146 emakume langile hil ziren New Yorkeko Cotton lantegian apropos eragindako sute baten ondorioz. Orduz geroztik, martxoaren 8an Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna ospatzen da. XIX. mendearen erdialdera eta XX. mendeko lehenengo hamarkadetan, Amerikako Estatu Batuetako eta Europako emakume langileek 10 orduko lanaldia, amatasun eta edoskitze baimenak, haur-lanaren debekatzea, lanbide prestakuntzarako eskubidea eta sindikatuan parte-hartzeko eskubidea eskatzen zituzten. XIX. mendeak “manchesterreko kapitalismoa” terminoa sortu zuen. Kapitalismo hutsaren esplotazio krudelaren eredua, hiri ingeles horretako lantegi-jardueraren bereizgarria. 2013an Manchester Bangladeshen dago.
p55_ropa_limpia_01
Dhaka (Bangladesh). Clean Clothes Campaign.

Nazioarteko moda markak eta banaketa-kateek diseinuen etengabeko berritze eta prezio baxuen medioz erosleak liluratzen dituzte. Paraleloki Txina, Maroko, Bangladesh, Honduras edota Errumaniako zenbait emakumek jantziez inguratuta bizi dira. 12 orduz gora lan egiten dute jantzi horietan eta trukean haien oinarrizko beharrak asetzeko nahikoak ere ez diren soldatak jasotzen dituzte.

Jantzigintzaren deslokalizazioa pobretutako herrietan 90ko hamarkadan bizkortu zen. Hornitzaileen azpikontratazioan sostengatutako negozioa sendotu zen. Marka nagusiak, lehen beraien arropak ekoizten bazituzten ere, orain diseinatu, banatu eta komertzializatu baino ez dute egiten, arropak hirugarren batzuen enpresetan egiten baitira mundu osoan zehar. Sistema honetan lehiatu ahal izateko, marka txikiak elkartu eta eredu bera hartzen dute. H&M eta Zara (Inditex taldekoa) bezalako enpresen arrakasta ulertzeko, nahitaez hartu behar da kontuan deslokalizazioek eragindako kostuen beheratzea.

HAMARKA URTEZ DESLOKALIZATZEN

Lehenengo deslokalizazio bolada 70ko hamarkadan jazo zen jantzigintzan. Orduan, produkzioa Hego Korea, Taiwan, Singapur, Hong Kong eta Tunisera mugitu zen. Mendebaldeko merkatuetan sartutako arropa merkeak Zuntza Anitzak Akordioa (ZAA) sinatzea eragin zuen, eta honen bitartez kuota eta muga sistema baten ezartzea, hain zuzen. Modaren globalizazioa ez zen horrekin mugatu; aitzitik, ZAAren ondorioz enpresek kuota-sistematik kanpoko herrietan bilatu zituzten hornitzaileak.

80ko hamarkadan, bigarren deslokalizazio boladak produkzioa “asiar tigreetatik” atera eta Sri Lanka, Filipinak, Bangladesh, Thailandia eta Indonesiara eraman zuen, besteren artean. Erdialdeko Amerika eta Mexiko giltzarriak ziren denda estatubatuarren horniduran. Era berean, Turkia, Tunis eta Maroko europar merkaturako joskintza tailerrak bilakatuko ziren. 90ko hamarkadaren amaieran beste zenbait herri azaltzen dira agertokian, hala nola, Botswana, Kenya, Tanzania, Uganda, Kanbodia, Laos edota Birmania.

Azken urteotan agertutako herri hauek bat datoz kontu batean: guztiak banku pribatuekin eta Nazioarteko Diru Funtsa (NDF) eta Mundu Bankuarekin (MB) daude zorpetuak. Ondorioz, esportaziora eta lehiakortasunera zuzendutako doikuntzaplanak inposatu zaizkie; hau da, esplotazio handiagoa. Moda-industriak, gainera, garapena eragozten du: herri hauei merkatuan balio erantsi txikiena duten jarduerak egokitzen zaizkie eta, hitz gutxitan, nazioarteko akordio sistema inposatzen zaie non beti dira ahulak. Bertako langileriak deslokalizazioaren mehatxuari aurre egin behar dio etengabe[1].

p55_ropa_limpia_03
Dhaka (Bangladesh). Clean Clothes Campaign.
p55_ropa_limpia_02
Dhaka (Bangladesh). Clean Clothes Campaign.

ESKLABOTASUNA EHUNGINTZAN

90ko hamarkadaren erdialdez geroztik, hainbat plataforma eta erakunde sozialek hedabideen isiltasunaren aurrean globalizazio garaiko ehungintzaren lan-esplotazioa salatu dute. 25 urte daramatzate hainbat sare sendo lanean. Hau da nazioarteko Arropa Garbia Kanpainaren kasua. Egindako salaketen kausaz nazioarteko marka handiak “konpromiso” publikoak hartzen joan dira. Gaur egun, ordea, 90ko hamarkadan aurkitzen genituen egoera berdinak aurkitzen ditugu.

Alde batetik, fabrikak ixtea eta deslokalizatzearen mehatxuak aurkitzen ditugu eta, bestetik, herri ekoizleetako langileen mugimenduen ahulezia. Bada, kirolari, diseinatzaile eta modelo famatuek saltzen diguten glamour-aren atzeko errealitatea Maroko, Txina edota Bangladeshen geratzen da. Jantzigintza globalak pobrezian bizi diren milioika pertsonaren lanaldi luzeez profi tatzen jarraitzen du. Markek dituzten erosketa ohiturak, nazioarteko ekoizpen, kontsumo eta merkataritza ereduak erabakitzen ditu baina langileen bizi eta lan baldintzen oinarrian aurkitzen dira.

Jantzigintza globalean lan egiten dutenentzat, haien gutxienezko beharrak duintasunez ase ditzaken soldata kobratzea kezka nagusia bilakatu da. Sektoreak baldintza penagarriak eta soldata ezin baxuagoak izan ohi ditu. Ondorio gisa, lanaldi luzeak, familia desegituraketa, zor ordainezinak egitea, ume eta nagusien malnutrizioa eta, azken finean, giza kostu neurtezina. Honek guztiak oinarrizko eskubideak urratzen ditu. Esaterako, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak ordainketa bidezkoa eta egokia errebindikatzen du 23. Artikuluan. Era berean, Nazioarteko Lan Erakundearen (NLE) xedapenen arabera “gutxienezko soldata legalak giltzarria izan beharko litzateke pobrezia ezabatzea eta langileen eta haien familien beharrak asetzea bilatzen duten politiketan”.

Ia herri guztiek ezartzen dituzte gutxienezko soldata legalak, baina atzerriko inbertsioa erakartzeko asmoarekin, oinarrizko beharren asetze mailaren azpitik finkatzen dituzte hauek. Hortaz, herri batzuetan, gutxienezko soldatak ez da nazioartean onartutako pobrezia absolutuaren atarira ere heltzen. Bangladeshen ez da eguneroko dolar batekoa ere. India, Sri Lanka, Vietnam, Pakistan eta Kanbodian, eguneroko bi eta lau dolar artekoa da. Oinarrizkoa beharrak (elikadura, etxebizitza, jantzia) asetzeko eta ezinbesteko zerbitzuei (hezkuntza, osasuna, garraioa) erantzuteko gauza ere ez dira soldatak.

Bestalde, bizimoduaren garestitzea larriagotu da, gehienbat oinarrizko produktuen prezioak igo direla kontuan hartzen badugu. Soldataren zati gehiena elikaduran gastatzen denez erosteko ahalmena ere murriztu da. 2009an egindako elkarrizketa batean Nike, Reebook eta Walmart-en hornitzaile batek kontratatuko emakume indonesiarrak hurrengo hau zioen: “Gutxienezko soldata igotzen dute, baina bizi-kostua are bizkorrago igotzen da. Egoera okerrera egin du duela gutxi, enpresak garraio eta janariarentzako diru-laguntzak emateari utzi dionean”. Bangaloren, Indian, soldatak hiru urtez behin berrikusten dituen sistema daukate; soldata erreala, ordea, ehuneko hamarra murriztu da azken 15 urteotan. Thailandian, soldatak 18 bath (38 euro-zentimo) soilik igo ziren 1997 eta 2005 artean. Vietnam eta Txinan, soldatak hamarkada batez egon ziren bere horretan[2].

Zentzu horretan, Bangladeshena da egoera latzena. Munduko Bankuaren datuen arabera bere Barne Produktu Gordina (BPG) ehuneko 5eko erritmoan hazi ohi da 1990tik eta hirugarren arropa esportatzailerik handiena bilakatu da nazioarteko merkatuan. Bangladeshen 4.000tik gora jantzigintza lantegi daude eta bertan 3 milioi pertsona baino gehiagok egiten dute lan; horietako gehienak emakumeak dira. Hazkunde honen gakoa, lan-indar izugarri merkea lortzeko aukera izan da, pobrezia eta lan eskubideen inguruko arautze eskasaren ondorioz.

Munduko soldatarik baxuenak inflazio altuarekin batera ematen dira langileen pobretze azkarra eraginez. Hain justu ere, 1994 eta 2006 artean gutxienezko soldata legala izoztutaegon zen, baina urte horietako infl azio-tasa ehuneko 4 eta 5erainokoa izan zen. 2006ko manifestazio jendetsuek eta istiluek gutxienezko soldataren igoera lortu zuten, hileroko 930 takatik 1.662,5 takara (18 euro inguru), baina errepresio polizial gogorra jasan behar izan zuten. Hala ere, arrozaren prezioa hirukoiztu zen 2008an lortutako soldataren igoera indargabetuz. Honek mobilizazio oldea eragin zuen baina, berriro ere, errepresio gogorra eman zen. 2010ean gobernuak 3.000 takako (32 euro inguruko) gutxienezko soldata ezarri zuen[3]. Langileen mobilizazioak jarraitu dira, baita errepresioa ere. Emakumeek inpaktu bikoitza jasaten dute eta bai ondorio latzenak ere. NLEak azpimarratutako ondorioen artean “soldata baxuak, sarritan aldi baterako edota legez kanpoko lanak, haien lan-aldi luzeak are gehiago luzatuz”.

NEKE AMAIGABEA

Jantzigintza industriako lanaldiak 12 edo 14 ordurainokoak dira. Zenbait enpresek txandak kateatu ere egiten dituzte lan handiko garaietan edota entrega epe laburrei aurre egiteko. Langileek ezin dute ezetz esan haien soldatak oinarrizko beharrak asetzeko nahikoak ez direlako. Pobreziak behartuta, langileek gainesplotazioa onartzen dute. Ondorioz euren osasuna arriskuan jartzen dute, hezkuntza aukerak galtzen dituzte, baita seme-alabenak ere, eta hitz batez, bizitza duintasunez bizitzeari uko egiten diote.

Urteak ematen dituzte gela txikietan, argi eskasarekin, aireztapenik gabe, hautsa eta airean dauden partikulak arnastuz eta ordu luzez jarrera desegokiak mantenduz eta hala, ikusmen nekatua eta lesioak sufritzen dituzte eta bai hainbat gaixotasun ere. Ez osasun-asegururik eta ez gaixoaldi-bajarik.

Arropa Garbia Kanpainak 2001ean Tangeren egindako ikerketaren arabera, Marokon ohikoa da langileek astean 55 orduko lanaldiak egitea, muga legala gaindituz[4]. Espainiako marka gehienek enpresa hornitzaileak dituzte bertan. 2008an Bangladesh, India, Thailandia eta Kanbodian egindako beste ikerketa batek[5] banaketa-kate nagusien (Lidl, Aldi, Tesco, Walmart eta Carrefour) lantegi hornitzaileak aztertzen zituen. Emaitzek 10tik gora orduko lanaldiak eta sei eguneko lan asteak seinalatzen zituzten.

SINDIKATUEN ERREPRESIOA ETA NEGOZIAZIO KOLEKTIBORAKO ZAILTASUNAK

NLEk elkartzeko askatasuna eta negoziazio kolektiborako askatasuna “eskubide gaitzaile”tzat (hau da, hauen ariketa beste zenbait eskubide errespetatu daitezen beharrezkoa dela) hartzen ditu. Hala ere, eta oinarrizko eskubideak diren arren, haien defentsa eta babesa ez da lortzen. Langileei argi eta garbi debekatzen zaie sindikatuan biltzea.

Arropa ekoizten dituzten herrietako gobernu askok mugatu, zaildu edota debekatzen dituzte sindikatu askeak eta negoziazio kolektiboa. Argi dago honek lan gainesplotazio egoera sortzen duela. Enpresariek, bere aldetik, larderia, kaleratzeak, zerrenda beltzak eta, maiz, indarkeria erabiltzen dituzte. Ohikoa da sindikalisten zerrendak sortzea eta hauek enpresarien artean zirkulatzea.

BORROKA MODU BERRIAK

Alabaina, langileek elkartu eta antolatzeko moduak bilatzen dituzte haien baldintzak hobetzeko asmoz. Ehungintza, Jantzigintza eta Larruko Langileen Nazioarteko Sindikatu Federazioa (ITGLWF ingeleseko siglen arabera) 110 herritako 217 erakundek osatuta dago[6]. Ofentsiba neoliberalak markatutako testuinguruak sindikatuen negoziazio ahalmena asko murriztu du. Bertako enpresariei inposatutako marjinek oso tarte txikia usten diete soldata altuagoak onartzeko eta, nolabait, nazioarteko enpresa handiek mugatuta daude. Haien abantailak galtzeko beldurrez langileei eskualdatzen diete presioa. Eta lantegien ixtea eta lekualdatzearen mehatxuak dira mobilizazioaren kontra gehien erabiltzen diren argudioak.

Bangladeshen, gobernu eta enpresen errepresio gogorra gorabehera, soldataren esparruan aurrerapauso txikiak lortu dira. 2007ko urtarrilean, salbuespen-egoera ezarri zen eta, ondorioz, biltze eta adierazpen askatasunak are gehiago mugatu egin dira. Era berean, egoera berriak ehunka ekintzaile eta sindikatuetako bururen kontrako jazarpen, atxiloketa eta torturak ahalbidetu ditu. Arropa Garbia Kanpainak atxilotutako pertsonekiko elkartasun ekintza anitzak bultzatu ditu. Aminul Islam era Kalpona Arkter, BCWS (Bangladesheko Langileekiko Elkartasun Zentroaren ingelesezko siglak) erakundeko kideak 2010eko abuztuan atxilotu zituzten eta 30 egunez torturak jasan zituzten. Hau Walmart, Carrefour edota H&Mren zenbait enpresa hornitzaileren salaketek eragin zuten. Biak aske utzi zituzten arren, 2012ko apirilaren 10an Aminul Islam tortura aztarnekin agertu zen hilik.

Lan merkatu ankerrek krisitik ihesi datozen langile landatar ugariak esklabo bihurtzen dituzte. Bestalde, nazioarteko elkartasunak sostengatuta, antolakuntza modu berriak aztertzen dituzten langile mugimenduak handitzen doaz, erresistentzia arrailak zabalduz. Hala ere, emakumeak, sektorearen gehiengoa badira ere, sindikatuek sistematikoki baztertzen dituzte. Hargatik, emakume langileak auzo erakundeetan biltzen dira. Askok lantegi ezberdinetan lan egiten badute ere, lan egoera eta egoera pertsonal antzekoak baitituzte haien artean.

Kanpaina internazionalek, erosleei ekoizpen zentroen errealitatea ezagutarazten dizkiete marka internazionalekiko presio gisa. Hargatik, langileen mugimenduen eta kanpaina internazionalen arteko lankidetzak sindikatuen kontrako errepresio kasu zehatzetan hainbat garaipen lortzea ahalbidetu du. Garaipen hauek ez lirateke enpresek aldaketarekin hartutako konpromiso erreal baten adierazgarri; aitzitik, ezinbestekoak dira esplotazioa jasaten den leku bakoitzean borrokari eutsi eta hau zabaltzeko.


Albert Sales i Campos soziologo eta politologoa, Arropa Garbia Kanpainako ekintzailea eta RETS kolektiboko kidea da.

Itzulpena Iñigo Gallastegik egin du.

Artikulu hau “Emakumeak eta lana” (55 zenbakia – Lehen hiruhilekoa – 2013) dosierrean argitaratu da.

Nº 55 de Pueblos – Revista de Información y Debate, Primer trimestre de 2013.

Publicado tambien en castellano: “De Manchester a Bangladesh. Los trapos sucios de la moda global”.


NOTAK:

  1. Sales, Albert (2011): Moda: industria y derechos laborales, SETEM, Campaña Ropa Limpia, Bartzelona.
  2. Merk, Jeroen (2010): Tejiendo salarios dignos en el mundo, SETEM, Campaña Ropa Limpia, Madril.
  3. Alam, Khorshed (2012): Stitched Up. Women workers in the Bangladeshi garment sector, War on Want, London.
  4. Sales, Albert; Piñeiro, Eloísa (2011): La moda española en Tánger: trabajo y supervivencia de las obreras de la confección, SETEM, Campaña Ropa Limpia, Bartzelona.
  5. Campaña Ropa Limpia (2009): Pasen por caja, SETEM, Bartzelona.
  6. ITGLWF (International Textile, Garment and Leather Workers Federation) federazioaren weborria ikusi: www.itglwf.org.

Print Friendly, PDF & Email

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *