Merkataritza Librerako Hitzarmena (MLH) Amerikako Estatu Batuekin sinatu izanak (indarrean 2012ko Maiatzaren 15az geroztik) enpresa eta enpresariei egiten die mesede, ez langileei. Cactus korporazioak ziurtatzen duenaren arabera “Juan Manuel Santos presidenteak bere gobernuak lobby ekintzak ere burutzen ari zela aitortu zuen Estatu Batuetako Kongresuan MLHa onartuta izan zedin; lore industriarentzat muga-zergen ordainketa kentzea zen, hain zuzen, helburua”. Lore kolonbiarra izan zen Estatu Batuetan sartu ziren produktuen artean nagusi: ituna indarrean sartu eta ordu bat beranduago 4.200 kaxa lurreratu ziren Miamin. Lore kolonbiarrak muga-zerga abantailak ditu eta Itunak sektore horren merkatu nagusian jarraitzea bermatzen du. Izan ere, merkatu horrek sektorearen esportazioen 76a hartzen du bere baitan, patronalaren datuen arabera. Bestalde, Estatu Batuek inportatzen dituzten loreen ehuneko 80a Kolonbiakoa da. Kolonbiako Lore Esportatzaileen Elkarteak (Ascoflores) azpimarratzen duenez 2011n salmentak 1.250 milioi dolarrekoak izan ziren. Beraz, MLHk sektoreko enpresak eta etekinak iraunarazi ditzake: “Lorezainok MLHaren ezartzea ospatzen dugu eta Kolonbian lanpostuak sortzeko tresna izan dadila espero dugu”, Ascoflores-eko presidentearen, Augusto Solano Mejiaren hitzetan.
Lore kolonbiarrak 88 helburutara esportatu ziren; nagusiki AEB, Errusia, Erresuma Batua, Japonia eta Kanadara. Egun, Kolonbia zenbait MLH ari da negoziatzen eta patronalak beste herrietako muga-zergak txikiagotzea espero du. Enpresarientzako beste berri ona, Kolonbiako zerga-sistemaren erreforma da, polemika handikoa baina haiek sustatuta. “Pesoaren balio handitzeari aurre egiteko aurkeztu den lehenengo proposamen estrukturala da. Bereziki sektore esportatzaileentzat, kanbio-tasaren inguruan egondako ziurgabetasunari dagokionez, hau daukagu lehenengo itxaropen izpia”, dio prentsa-ohar batek. Cactus korporazioak nabarmentzen duenez, gobernuak, bai Santosena bai Uriberena, beti sostengatu izan du sektorea nahiz eta hau, besteren artean, lan baldintza txarrak eskaintzeari esker atera den aurrera. “Ascoflores-en bitartez, sektoreak gobernuarengandik sostengu neurriak lortzea bultzatuko du; hala nola, lobby internazionalari eustea eta diru-laguntza, mailegu eta kanpainentzako baliabideak ezartzea”. Eta gaineratzen du: “Alabaina, lore-industriak erabiliko duen estrategia nagusia laboreetan lan egiten duten milaka gizon eta emakumeen esplotazioa izango da, hauek ez baitute beste lan aukerarik”. Hargatik, AEBekin sinatutako MLHak, beste herriekin sinatutako merkataritza akordioek eta zerga-erreforma bezalako neurriek handitu egingo ditu sektorearen etekinak, batzuk aberastuz beste batzuk txirotzeko.
Mª Angeles Fernandez, Pueblos – Informazio eta Eztabaidarako Aldizkariaren kolaboratzailea. www.desplazados.org.
Itzulpena Iñigo Gallastegik egin du.
Artikulu hau “Emakumeak eta lana” (55 zenbakia – Lehen hiruhilekoa – 2013) dosierrean argitaratu da.
Nº 55 de Pueblos – Revista de Información y Debate, Primer trimestre de 2013.
Publicado también en castellano.

